- Estatuko lanparty handi eta jendetsuenak pandemiari aurrea hartu dio, eta eskainitako ehundik gora jarduerek jarraipen nabarmena izan dute.
- Hiru egunetan Twitch bidez igorritako saioak 100.000 ikusle bakar baino gehiago izan ditu, behin behineko zifretan oinarrituz.
- Urretxun (Gipuzkoa) bildutako antolatzaile taldeak jakinarazi du ekintzetan parte-hartze handia izan dela eta hitzaldiek ikusle ugari erakarri dituztela.
Gaur gauean amaituko den Euskal Encounter 28 topaketa birtualak 3.317 parte-hartzaile elkartu ditu. Antolatzaile taldea pozik agertu da emaitzarekin, baita gauzatutako ehundik gora ekintzek izan duten jarraipen nabarmenarekin ere. Twitch plataformaren bitartez igorritako saioak, gainera, 100.000 ikusle bakar baino gehiago izan ditu, behin behineko datuen arabera.
Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin. Euskaltel Fundazioaren egitekoa da pertsona, enpresa eta ekimenen arteko lotura sustatzea, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabileraren testuinguruan. Hori dela eta, urtero antolatzen ditu topaketa teknologikoak, hiru lurraldeetan, informatika eta teknologia zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta balioak partekatzeko helburuarekin.
Urretxuko Ederrena frontoian bildutako antolatzaile taldeak jakinarazi du ekintzetan parte-hartze handia izan dela eta hitzaldiek ikusle ugari erakarri dituztela. Esaterako, hitzaldien edukiera handitu egin behar izan da, areto birtualak 50 lagun hartzeko prestatuak baitzeuden, eta mintzaldi batzuetan 400dik gora pertsonek parte hartu nahi izan dute. Hortaz, espazio birtual berriak sortu behar izan dira, momentuan, pertsona horiei guztiei lekua egiteko. Halaber, sormen digital, programazio, bideo-joko eta hardware arloetako lehiaketek bilkura presentzialen antzeko partaidetza maila izan dute.
Revival edizioa
Euskal Encounter topaketa bere sorgunera itzuli da aurten. Izan ere, Urretxuko frontoian ospatu zen bilkura teknologiko hau, lehen aldiz, 1994an, 36 parte-hartzailerekin, 25 ordenagailurekin eta Internetik gabe, noski. Aurtengo partya, berriz, desberdina izan da, noski, segundoko 10 Gb-eko sarea ezarri baitu Euskaltelek frontoian.
Topaketa gauerdia pasata amaituko da, Grison eta Jaime Caravaca ospetsuen beatbox eta komedia saioarekin. Euskal Encounterren Twitcheko kanalaren bitartez jarraitu ahal izango da transmisioa.