- Estatuko lanparty handi eta urtetsuenak ez du hutsik egingo aurten ere. Uztailaren 24tik 26ra bitartean izango da, eta 5.088 plaza birtual eskainiko ditu, iaz Bilbao Exhibition Centerren egin zen edizio presentzialean bezala.
- Aurten, pandemiaren eraginez, ezin izan da formatu tradizionalean gauzatu, baina nostalgiaz beteriko keinua egin nahi izan dute antolatzaileek: Urretxun (Gipuzkoa) bilduko dira, lehen Euskal Encounterra egin zen leku berean, lanpartyaren arlo guztiak koordinatzeko. Ederrena frontoian egin zen lehen bilkura, 1994an, 25 ordenagailurekin eta internetik gabe.
- Euskal Encounter 28aren online bertsioak programa zabala izango du hiru egunetarako, prestakuntza- eta jolas-jarduerak, arte digitaleko lehiaketak, programazioa eta bideo-jokoak barne dituena, besteak beste.
- Edizio birtual honetan, Opengunea, teknologia berriekin lotutako enpresak hartzen dituen espazio irekia, eremu birtual bihurtuko da, eta doako jarduera ludikoak eta hitzaldiak izango ditu, interesa duten guztientzat.
Euskal Encounter 28a online formatuan egingo da, uztailaren 24tik 26ra bitartean, eta 5.088 plaza birtual eskainiko ditu, iaz bezainbeste. Beraz, Estatuko lanparty handi eta urtetsuenak aurten ere ez du hutsik egingo. Gainera, Euskaltel Fundazioak antolatutako bilkurak nostalgiaz beteriko keinua egin nahi izan du: antolatzaileak Urretxuko (Gipuzkoa) Ederrena frontoian bilduko dira lanpartyaren arlo guztiak koordinatzeko. Bertan egin zen lehen Euskal Encounter topaketa, 1994an, eta 36 parte-hartzaile bildu zituen 25 ordenagailuren inguruan; Internetik gabe, noski.
COVID-19aren eraginez, ezinezkoa izan da bilkura presentziala antolatzea aurten. Hori dela eta, 5.088 parte-hartzailerentzako doako makro ekitaldi birtuala sortzea erabaki du Euskaltel Fundazioak. Bihar, asteartea, irekiko dira aurre-inskripzioak www.euskalencounter.org webgunean, eta uztailaren 9an, osteguna, egingo dira erreserbak.
Parte-hartzaileentzako jarduerak
Online topaketak egitarau zabala izango du hiru egunetarako: prestakuntza eta jolas jarduerak, arte digital, programazio eta bideo-joko arloetako lehiaketak…. Era berean, Opengunea, teknologia berriekin lotutako enpresak hartzen dituen espazio irekia, eremu birtual bihurtuko da, eta doako jarduera ludikoak eta hitzaldiak eskainiko ditu, interesa duten guztientzat. Partyan antolatutako ekintza asko Euskal Encounterrek Twitch plataforman duen streaming kanalaren bitartez jarraitu ahal izango dira, zuzenean.
Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, SPRIren bitartez. Euskaltel Fundazioaren egitekoa da pertsona, enpresa eta ekimenen arteko lotura sustatzea, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien erabileraren testuinguruan. Hori dela eta, urtero antolatzen ditu topaketa teknologikoak, hiru lurraldeetan, informatika eta teknologia zaleen eta profesionalen artean ezagutzak, ideiak eta balioak partekatzeko helburuarekin.