Adimen artifizialaren aplikazioez eta COVID-19aren aurka dituen erabilpenez mintzatu dira hainbat aditu Euskal Encounterren

  • Adimen artifizialaren alorreko datu-zientzialari eta ikertzaile Jesús López Lobok, Tecnaliako adituak, baieztatu du neurrira eginiko medikuntza izan daitekeela “itxaroten ari garen boom hori”.
  • Vicomtech teknologia-zentroko ikertzaile Unai Elordi COVID-19ari aurka egiten lagun dezaketen estrategiez mintzatu da. Tenperaturaren, distantzia sozialaren eta maskararen erabileraren kontrola eramateko balio duten aplikazioak nahiz jende pilaketak neurtzen dituzten bideo-zaintza sistemak aztertu ditu.
  • Ikuspen eta adimen artifiziala azaleko patologiak hauteman eta tratatzeko erabiltzen dituen Legit Health enpresako fundatzaile-kide Alfonso Medelak uste du adimen artifizialaren alde apustu egin behar dela melanomen detekzio goiztiarra sustatzeko.
  • Euskal Encounter 28an parte hartu duten adituek adierazi dutenez, datozen urteetan osasun eremuan gertatuko dira, besteak beste, aurrerapauso handienak adimen artifizialaren arloan. Tecnaliako datu-zientzialari eta ikertzaile Jesús López Lobok baieztatu du neurrira eginiko medikuntza izan daitekeela “itxaroten ari garen boom hori”, iragarpenak egitea oso zaila bada ere. Bere ustetan, posible izango da, epe ertainera, gizabanakoari zuzenduriko terapia eta botika espezifikoak diseinatzea, norberaren ezaugarri fisikoak eta beharrak kontuan hartuz.

    Vicomtech teknologia-zentroko ikertzaile Unai Elordi COVID-19ri aurka egiten lagun dezaketen estrategiez mintzatu da. Tenperaturaren, distantzia sozialaren eta maskararen erabileraren kontrola eramateko balio duten aplikazioak nahiz jende pilaketak neurtzen dituzten bideo-zaintza sistemak aztertu ditu. Adimen artifiziala koronabirusaren hedapena eteteko aliatu eraginkorra izan beharko lukeela iritzi du. Gainera, gaixotasunak etapa goiztiarretan hautemateko lagungarria dela uste du, baita lehen sintomak agertu aurretik ere.

    Ikuspen eta adimen artifiziala azaleko patologiak hauteman eta tratatzeko erabiltzen dituen Legit Health enpresako fundatzaile-kide Alfonso Medelak uste du adimen artifizialaren alde apustu egin behar dela melanomen detekzio goiztiarra sustatzeko. Izan ere, monitarizazio jarraitua egiteko aukera ematen dute teknologia berriek, dermatologoen esku-hartzearen osagarri gisa. Datozen urteei begira, adimen artifizialak osasun arloan garapen nabarmena izango duela adierazi du, baita automobilgintzaren eta burtsaren sektoreetan ere.


    Adimen artifizialak gure bizitzan duen eragina

    Aurtengo Euskal Encounterren leloarekin bat etorriz, hainbat lehiaketak eta lanparty-an burutzen ari diren hitzaldi askok adimen artifiziala izan dute ardatz. Gaur egun sistema horiek dituzten aplikazioen artean, adituek zenbait adibide aipatu dituzte, hala nola sare sozialetako interakzioa, gomendioen iradokizuna (filmena, musikarena, jatetxeena, lagunena…), aurpegi-azterketa edo trafikoaren erregulazioa. Adituen arabera, egiaztapen horrek talka egiten du adimen artifiziala androideekin eta zientzia-fikzioarekin lotura duen ikuspegi oker eta zabalduarekin.

    Telekomunikazioetako ingeniari Alejandro Barredok adierazi du adimen artifizialak mugak dituela; izan ere, “zurruna da eta helburu jakin batera bideratua dago beti”. Hala ere, azpimarratu du ez garela “zapuztuta sentitu behar bazkaria prestatuko ziguten robotak espero genituelako eta, oraingoz, etxea garbitzen diguten tresnak besterik ez ditugulako”. Sektore honetan aurrerapen handiak gauzatu direla jakinarazi du hizlariak. Etorkizunera begira, Barredok uste du bideo-jokoen alorra hedatuko dela gehien, “arriskurik gabe esperimentatu daitekeelako, adimen artifizialaren ezarpen oso erakargarria ahalbidetzen duelako eta baita eskari handia duelako ere”.

    Datu(a) enpresako bazkide, zuzendari eta datu-zientzialari Alberto Rezolak hizkera naturalaren prozesamenduaren (HNP) eremuan gertatu den iraultza aipatu du. Itzulpen automatikoko aplikazioetan, bilaketa-tresnetan edo ahots-laguntzaile adimendunetan erabiltzen da, besteak beste. Haren iritziz, datozen urteetan sistema askoz ere aurreratuagoak izango ditugu, eta ez gara gai izango jakiteko pertsona batekin edo ordenagailu batekin hitz egiten ari garen.

    Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin. 3.000 parte-hartzailek beren etxeetatik parte hartzen duten arren, antolakuntza-taldeko kideak Urretxuko (Gipuzkoa) Ederrena frontoian daude, lanpartyko arlo guztiak koordinatzeko. Euskal Encounterrek Twitch plataforman duen streaming kanalaren bitartez jarraitu ahal izango da festa teknologikoaren jarduera, zuzenean.

    Antolatzailea

    Euskaltel Fundazioa
    Euskalamiga Elkartea

    Ahotsa:

    943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

    IRC auzo ofizialak:

    IRC-Hispano
    #euskal
    QuakeNet
    #euskal

    Edozein galdererako:

    olatz@euskalencounter.org

    Prentsa arduraduna:

    Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
    943 22 45 30 / 688 92 90 88
    E-mail: press@euskalencounter.org
     
     
     
     
     

    twitter facebook flickr youtube instagram twitch