- Uztailaren 24 eta 26 artean gauzatuko den topaketa birtualak ohiko lehiaketak mantenduko ditu, sormen digital, hardware, software libre, eta bideo-joko arloetakoak, eta teknologiarekin loturiko prestakuntza-eskaintza indartuko du online hitzaldien bitartez.
- Euskal Encounterrek hiru egunetako programa eskainiko du, eta ehunka formakuntza- eta aisialdi-ekintza hartuko ditu barne.
- Izen-emate epea zabalik dago: 5088 pertsonak parte hartu ahal izango dute, iaz BECen eserlekua izan zuten lagunen kopuru berberak.
- Estatuko teknologia bilkura handi eta urtetsuenak atzera begirada egingo du: Urretxun (Gipuzkoa) bilduko dira antolatzaileak, lehen Euskal Encounter egin zen leku berean, lanpartyaren arlo guztiak koordinatzeko. Ederrena frontoian egin zen lehen bilkura, 1994an, 25 ordenagailurekin eta internetik gabe.
Euskal Encounter 28 online egingo den arren, antolatzaileek esfortzu berezia egin dute bilkura presentzialek barne hartzen dituzten ekintza guztiak eskaintzeko, baita parte-hartzaileen arteko hartu-emana sustatzeko ere, urruntasun fisikoa ahalik eta gutxien nabaritu dadin. Horretarako, uztailaren 24 eta 26 bitartean ospatuko den festak ohiko lehiaketak mantendu eta 30 hitzalditik gora eskainiko ditu teknologia berriekin loturiko formakuntzari bultzada emateko. Izen-emate epea zabalik egongo da aste honetan, eta, guztira, 5088 lagunek parte hartu ahal izango dute, iaz BECeko topaketan eserlekua izan zuten pertsonen kopuru berberak.
Euskal Encounter birtualak teknologia berrien zaleak nahiz horrelako ekimen handi batez gozatu nahi duten pertsonak elkartu nahi ditu. Online egin zen azken Gipuzkoa Encounterren kasuan bezala, agerian geratuko dira elkarlanerako borondatea eta parte-hartzaileen arteko elkartasuna. Hori da, hain zuzen ere, Euskaltel Fundazioak antolatutako Encounter guztien DNAren oinarri nagusietarikoa.
Aurtengo Euskal Encounterrek adimen artifiziala izango du ardatz, ‘Beyond AI’ lelopean. Horrenbestez, hainbat lehiaketa eta hitzaldi gai horren inguruan izango dira, eta Euskaltel eremu horretan gauzatzen ari diren esfortzua nabarmenduko da. BAI Analytics proiektua ezagutu ahal izango dute interesatuek: Adimen Artifizialeko prozesuak enpresetan ezartzeko helburua duen taldea da hori.
Kirol elektronikoen zaleek hitzordu berezia izango dute, gainera, Circuito Tormenta liga amateurreko lehen geralekua izango baita Euskal Encounter. League of Legends jokoaren inguruko txapelketa horretan aritzen direnek 2020ko rankinerako puntuazio maximoa lortu ahal izango dute, Circuito Tormentaren maila goreneko lehen geltokia izango baita euskal informatika-festa.
Funtzionamendua
Partyko jarduera guztiak koordinatzeko, hiru tresna baliatuko ditu Euskal Encounterrek: Discord, Partynet eta Twitch. Antolakuntza-eredu hori jada frogatua izan zen Gipuzkoa Encounter 14 bilkuran, hura ere formatu birtualean egin behar izan baitzen, itxialdia zela eta. Discord plataformaren bitartez sartu ahal izango dira parte-hartzaileak gaika antolatutako areto birtualetara. Lanparty presentzialetan erabili den partyNet antolaketa-erreminta ere egokitu egin dute % 100ean Internet bidez erabili ahal izateko. Halaber, bilkuran izena eman ez dutenek ere bat egiteko aukera izango dute, publiko orokorrari irekitako doako hitzaldiak eskainiko baitira, gai teknologiko anitzen inguruan. Horrela, Twitch plataformari esker, zuzeneko saioak igorriko dira streaming bidez, eta topaketa osoaren jarraipena egingo dute Encounter TV programarekin. Bertan, elkarrizketak egin eta festaren momentu berezienak jaso eta komentatuko dituzte.
Euskaltel Fundazioak antolatutako egitasmoak atzera begirada egingo du: Urretxun (Gipuzkoa) bilduko dira antolatzaileak, lehen Euskal Encounter egin zen leku berean, lanpartyaren arlo guztiak koordinatzeko. Ederrena frontoian egin zen lehen bilkura, 1994an, 25 ordenagailurekin, 36 partaiderekin eta internetik gabe. Zerikusirik ez Urretxuko kontrolgunean segundoko 10Gb-eko abiaduran konektatuko diren ordenagailuekin, Euskaltelen teknologiari esker. Egitasmoaren babesle dira, gainera, Eusko Jaurlaritza SPRIren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urretxuko Udala.
Prestakuntza-saioak eta lehiaketak
Topaketa birtualak egitarau zabala izango du, sormen digital, hardware, software libre, eta bideo-joko arloetako ekintzekin, eta teknologiarekin loturiko prestakuntza-eskaintza indartuko du online hitzaldien bitartez. Bestalde, teknologia berrien arloko enpresen erakusleiho den Opengune eremua ere mantenduko da aurten. Ekintza ludikoez gain, doako hitzaldiak izango dira interesa duten pertsona guztientzat.
Hogeita hamar mintzalditik gora izango dira, gai teknologiko ugariren inguruan. Besteak beste, Vicomtech zentroko ikertzaile Unai Elordik azalduko du nola erabil daitekeen Adimen Artifiziala COVID-19aren hedapena eteteko. Bestalde, Data Value Management enpresako datu-zientzialari Borja Balpardak adimen artifizialaren mitoak eta errealitateak jorratuko ditu. Aipagarria da, halaber, EuskalHack elkarteko Roberto Casadoren hitzaldia: zientzia fikziozko autoreek garai batean irudikatutako eta gaur egun egi bilakatutako teknologiez mintzatuko da.