Euskal Encounter topaketaren antolatzaileak zoriondu dituzte erakundeek, hitzordua mantendu dutelako zailtasunak zailtasun

  • Gaurtik igandera bitartean gauzatuko den lanpartyaren inaugurazio ekitaldian parte hartu duten ordezkari politikoek Euskaltel Fundazioaren lana txalotu dute, urteroko bilkura burutzeko egindako esfortzuagatik.
  • 3.000 parte-hartzaile inguru konektatu dira jada festa teknologikora. Antolatzaile taldea, berriz, Urretxuko Ederrena frontoian elkartu da, 1994an lehen Euskal Encounterra hartu zuen lekuan, hain zuzen ere.
  • Arte digital, programazio, bideo-joko eta hardware bezalako arloen inguruko 30 hitzaldi eta 70 lehiaketa baino gehiago egingo dira egunotan, informatika zaleak birtualki konektatzeko eta ondo pasatzeko

Gaurtik igandera bitartean burutuko den Euskal Encounter 28ren inaugurazioan parte hartu duten ordezkari instituzionalek Euskaltel Fundazioa zoriondu dute, urteroko hitzordu teknologikoari hutsik ez egiteagatik, zailtasunak zailtasun. Ordenagailu zaleen festaren lehen egunetik 3.000 lagun baino gehiago konektatu dira, euskal informatika-hitzorduak proposatutako ekintzetan parte hartzeko helburuarekin. Aurtengo edizioa birtuala izango da, eta parte-hartzaileak euren etxeetatik batuko dira online topaketara. Antolatzaileak, berriz, Urretxuko Ederrena frontoian bildu dira, 1994an lehen Euskal Encounterra gauzatu zen lekuan, hain zuzen ere.


Teknologia berrien zaleek ikasteko, lehiatzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dute egunotan, eta horrelako ekimen baten izaera gertutik ezagutu nahi duen orok ere bat egiteko parada izango du. Egungo gizarte-egoera konplexuan, eta online egin behar izan zen Gipuzkoa Encounterren kasuan bezala, parte-hartzaileen arteko elkartasun eta gertutasun giroa nabaria da hasieratik. Fisikoki elkarren urrun badaude ere, hainbat erreminta informatikori esker, hurbileko harremana da nagusi.


Irekiera ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte arloko zuzendari Aitor Urzelaik azpimarratu du meritu handia duela Euskal Encounter zutik mantentzea gaur egungo testuinguruan. Gainera, topaketa teknologikoak urtero elkartzen duen talentua nabarmendu du. Ildo beretik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Internazionalizazio departamentuko zuzendari Jon Gurrutxaga teknologiak pandemia garaian duen paperaz mintzatu da, jarduera ekonomikoa eta harreman soziala mantentzeko lagungarria baita. Euskal Encounterrek teknologia-sektoreari egiten dion ekarpena ere txalotu du aldundiko ordezkariak.


Urretxuko alkate Jon Luqui, bilkuraren anfitrioi gisa, harro agertu da partya bere sorrera-gunera bueltatu delako; eta urteetan izan duen hazkuntza txalotu du. Euskaltel Taldeko eta Fundazioko presidente Xabier Iturbek, aldiz, erakundeen zorion mezuak eskertu ditu, eta Euskal Encounterren balio estrategikoaz hitz egin du. Teknologiaren esparruko adituen arteko ezagutza-elkartrukea azpimarratu du, eta 28 edizio etenik gabe ospatu izana goraipatu du. Ondo pasatzera eta ikastera animatu ditu parte-hartzaileak, gainera.

Prestakuntza eskaintza eta lehiaketak
Hiru egunetarako programak prestakuntza eta jolas-jarduera ugari bilduko ditu, baita arte digital, programazio eta bideo-joko arloetako lehiaketak ere. Parte-hartzaileek gogotsu jarraitzen ari dira ekitaldiaren lehen orduak.


2020ko Euskal Encounterren gai nagusia adimen artifiziala izango da, eta, hain zuzen, ‘Beyond AI’ da aurtengo leloa. Hori dela eta, lehiaketetako batzuk eta hitzaldi asko gai hori jorratuko dute, Gaur goizean, zehazki, adimen artifizialak enpresa-munduan eta bideo-jokoetan duten aplikazioari buruz mintzatu dira hainbat aditu.


Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin.


Euskal Encounterrek Twitch plataforman duen streaming kanalaren bitartez jarraitu ahal izango da jarduera, zuzenean.

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org
 
 
 
 
 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch